XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Negoziatu, bai (Iranekin) Terroristekin ez dago negoziatzerik: zer negoziaturik ez daukaten guztiek hori esatea, behar izatea esan, demokrazian ulertzen da.

Bir- eta errebirresaten aspergabe ikustea, ezer negoziatzeko inork nahi ez eta ez inolako kandelarik prozesio horretarako sekula eman izan zaienak, beti lelo berarekin, ulergarria baino azkenean sermoi aspergarriagoa ateratzen da.

APk eta konprenitzen da, aipatzen ere entzun ezin izatea negoziaketarik.

Demokraziarengatik ote da, hain zuzen?.

Dakigun Espainia sakratuarengatik da.

Demokrazia ere sakraliza liteke modu berdintsuan.

Orduan, oso erregimen puru eta garbia agertzen da, ogi zerutik etorria ez batzuen artean beste erregimen bat, zuzen bakarra baino munduan, eta demokraziaren printzipioak aduzituz, zuzentasun posible bakarra ebokatzen da, hots, mito baten anparoan aritzen gara argudiatzen, soluzionatu beharreko errealitate soilen ildoan ibili ordez.

Hemengo politiko askoren ahotan, Platonen zeruetan hipostasiaturiko esentzia dirdaitsua ematen du gure demokraziak bere printzipio sakratu guztiekin.

Eta konprenitzen da hori ere, azken finean berak bait dira haren ritual eta liturgietako sazerdote inbestituak, salbazioaren ministrari publikoak eta probetxu-ateratzaileak.

Jakina da, sazerdote kontsakratuak jainko baten prisa duela.

Prisa gehiegitxorekin kanonizatu digute demokrazia hori behintzat.

Horrela ulertuta, ulertzen da, Madrilek noizbait ETA solaskidetzat onar lezakeelako ideia hutsa, pentsamendu sakrilegoen osinbeltza iruditzea jende horri.

Nola ez, demokraziaren izenean.

Oso kuriosoa bait da gure herriko analista politiko zorrotzetan, nola, besteren begian mitoen hainbat lasto-izpi ikusi-zalek, ez duen bere begietako haga mitologikoa erreparatzen.

Mitozaleak eta irrazionalak beti besteak dira.

Beste askorentzat, alabaina, interes eta indar sozial oso konkretu batzuen egokitasunezko antolamendu bat besterik ez da izaten demokrazia, izanik ere hoberena bera.

Interesak salbatzeko dago, ez arimak.

Eta interesek egoten da, ez printzipioek eutsita.

Adibidez, kasualitate hutsez bezala, demokraziak ohi deritzen guzti horien prinzipioak, lehenagoko monarkia absolutisten eta diktaduren eta kolonien lurralde-muga berberetaraino hedatu ohi dira justu-justu.

Ebro ibaiaren setakeria hutsa ote da, gero, ala haren izpiritu antidemokratikoa, sistema politikoek beren ibilbideak aldatu, eta hark halere bere betiko bidean jarraitzea? Etsaiak jokoaren arauak aldatu egin dituela eta, zergatik behar da bapatean haren jokoan sartu, demokratikoa omen delako?